miércoles, 26 de septiembre de 2012

Ostiral honetan iritsiko da iPhone 5 estatuko dendetara

iPhone-a, Apple etxearen jostailu miretsiena, ostiral honetan, irailaren 28an, iritsiko da Espainiara. Denda ofizialetan eta Appleren webgunean izango da salgai mugikor berria.

Hala jakinarazi du konpainiak prentsa-ohar baten bidez: ostiral honetan iPhone 5ak eskuragarri izango dira dendetan. Gainera, denda ofizialek lehenago irekiko dituzte ateak, goizeko zortziretan zehazki, ager litekeen jende kopuru handia dela eta.

Ziur jakin ezin daitekeen arren, erosle asko espero dira ostiralean, eta seguruenik haietako askok erreserba bat egin beharko dute, zenbait egunetan itxaronez, iPhone 5 ale guztiak salduko direla espero baitu Applek.

iPhone 5a aste bateko atzerapenarekin iritsiko da Espainiara. Izan ere, pasatako ostiralean jada merkaturatu zen AEBetan, Australian, Kanadan, Frantzian, Alemanian, Hong Kongen, Japonian, Singapurren eta Erresuma Batuan. Badirudi Applek munduko merkatu indartsuenak lehenetsi nahi izan dituela bere produktu berria salgai jartzeko orduan.

Appleren aburuz, aipatutako herrialde horietan jada 5.000.000 iPhone 5 ale saldu ziren, asteburuan bakarrik (irailaren 21etik 23ra). Honela, iPhone 5ak bere aurrekariaren zifrak gainditu ditu. Izan ere, iPhone 4Sak 4.000.000 ale besterik ez zituen saldu merkaturatu zen lehen hiru egunetan.

Asier Rufo Gaztelumendi

No hay comentarios:

Publicar un comentario