domingo, 21 de octubre de 2012

5. Ariketa praktikoa


1. Ingurunea, audientziak eta euskarria aldatu egin badira, nolatan ez da aldatuko bada kazetaria?

Kazetaria aldatu egin da, teknologikoki aktiboa duen jarrera izatera igaro baita. Horrela, lehen mailako informazio eskasiari eta edukien homogenizazioari aurre egin zaio. Etengabeko eguneratzea ematen da software berriari esker, eta teknika eta teknologiak moldatu egin behar izan dira. Esan beharrik ez dago, aldaketa sakonena Internetek ekarri duela, eta lanbidea zeharo aldatu duela hiru alderdi nagusitan: giza harremanetan, lanaren perfekzionamenduan eta denbora eta gastuak gutxitzean.

2. Zer esan nahi du multimedia kazetari hitzak?

Multimedia kazetaria plataforma berrietarako produktuekin lan egingo duen profesionala da, gaietan eta edukietan zentratu behar dena. Interneterako, irratirako, telebistarako eta paperezko hainbat medioetarako prestatu beharko ditu albisteak. Hala ere, ez da soilik dena aldi berean egingo duen “multitarea kazetaria” bilatzen. Denboraren kudeaketa eramankorragoa eta albistearen kalitatea bilatzen dira “multimedia” kazetariarengan. Horregatik, informazioa kudeatzea izango da erronka nagusia. Baina horretarako, mentalitate aldaketa eta medioen arteko lanaren koordinaketa handiagoa beharrezkoak izango dira. Profesional batzuen ustez, ordea, konbergentzia honek aspektu negatiboak ditu, kazetaritzaren kalitatea kaskartuko delakoan.

3. Prest al daude profesionalak lan ugari horiei aurre egiteko? Kazetaria, informazioaren paketatzaile soil bihurtzen al da?

Ez da komunikabide batentzat lan egiten, edukien hornitzaile bihurtzen dira beraz, lanen koordinazio handiagoa eta egunkari, irrati kate edo telebista kate baterako lan egitetik eratorritako espazio eta denbora mailako murrizketak gainditzea beharrezkoa da. 

4. Zer bilatzen da kazetari multimedia lortzearekin?

Eskuragarri dauden baliabideak aprobetxatzea da, edozein mediorekin edozein mediorako erabatekoak diren informazio-produktuak sortu ahal izateko. Edozein mediorako prest dagoen kazetaria, honen zailtasunak nabariak izan arren, ongi idazten duen kazetaria balitekeelako ahozko erraztasunik ez izatea edota gorputz hizkuntza egokia faltan izatea, kamera aurrean agertzeko.

5. “Orkestra kazetaria” izan al daiteke ona esparru guztietan?

Ez. Bere idazteko abileziak onak izanagatik ez du esan nahi beste esparruetan gaitasun maila bera mantenduko duenik, adibidez, irudi ona izatea, ahoz komunikatzeko gaitasuna izatea edota webguneak eta blogak kudeatzeko abilezia informatikoa izatea.

6. Kazetariak, askotan, maila ertaineko internautari egin behar dio aurre; izan ere, potentzialki, edozein erabiltzailek idatzi eta eseki dezake albistea sarean.  Baina, benetako arerioa al da hori?

Ez. Interneten informazioa ipintzeko gai diren iturriak ugari badira ere, kazetari profesionalaren lana ezinbestekoa da informazio gordin hori “sukaldatzeko” garaian. Informazio gordina kontrastatu, kudeatu, prestatu eta modu egokian aurkeztu behar da, eta horretarako ezinbestekoa da profesionalaren jarduna.

7. Nolakoa izango da gure etorkizuna?

García Avilés-en hitzetan oinarrituta, ez da guztiz beharrezkoa teknologia berrien inguruan trebezia handia izatea. Etorkizuna ez dago ez komunikabideetan ez banaketa-teknologietan, baizik eta oinarrizko informazioari balioa gehitzen dioten edukiak bilatu, aztertu, sortu eta idazteko gaitasunean. Hau da, etorkizunaren klabea ez dago teknologia berriek ematen duten aukeretan, baizik eta, azken finean, kazetariak informazioari ematen dion tratamenduan: Zein informazio eman, nola eman, etab. Hala ere, nahiz eta hori izan kazetariaren etorkizunaren muina, ukaezina da ziberkazetaritza eta teknologia berrien aukerak guztiz eraldatu dutela kazetariaren baliabideak. Horrek esan nahi duena zera da, kazetariaren etorkizunean informazioaren tratamendurako trebezia izanik gakoa, ezingo ditu kontuan ez hartu(Jada gaur egun ezin dituelako kontuan ez hartu)teknologiak ematen dituen aukerak.

Azken finean, kazetariaren etorkizunaren oinarria informazioaren trataera izaten jarraitzen du, baina kazetariak onartu behar du ziberkazetaritzak eta teknologia berriak duten lekua bere lanean, aldatu eta zabaldu egin duela bere lan eremua, eta beraz, moldatu egin behar da egoera honetara. Hau da, etorkizunean prestakuntza anitz izan behar du, komunikabide oro erabiltzeko, baina oinarria, informazioaren tratamendua, ahaztu gabe.

No hay comentarios:

Publicar un comentario