Android sistemadun sakelekoentzako
aplikazio bat garatu du Maria Teresa Ruiz Monzón EHUko ikasleak.
Aplikazio hau mendizaleentzat bereziki pentsatuta dago, “Google
Earth-en antzekoa da, baina asmo zehatzagoa dauka”, egilearen
esanetan. Izan ere, mendian lainoa sartuz gero ere bidea aurkitzeko
aukera eskaintzen du informatika ikaslearen proiektu honek.
Mendizaleek haien mugikorretako 3D
geolokalizazioa erabili ahal izango dute EAEko gailurretan ez
galtzeko. Askotan, zaila izaten da
bi dimentsiotako mapen bitartez mendian kokatzea, eta istripuak
saihesteko funtzioa bete nahi du gasteizko gazte honen ikasketa
amaierako proiektuak. Bideojokoetan oinarritutako teknikak
erabili ditu Ruizek errealismo handiz irudikatzeko malda, koska eta
amildegiak. Datu geografikoak eta erliebe mapak Eusko Jaurlaritzako
www.geoeuskadi.net
webgunetik lortu ditu. Gainera, hainbat programa gehitu behar izan
dizkio Android sistemari, besteak beste OpenGL ES (programazio
grafikorako interfaza), LaTeX (testu konposiziorako sistema) eta
Sapefile (geodatuen fitxategietarako formatua).
Mapez gain, erabiltzailea non dagoen
jakin behar du mugikorreko aplikazioak. Horretarako, smartphoneek
izaten duten iparrorratz elektronikoa baliatu du, kamara moduan
erabiliz. Telefonoa nora begira dagoen detektatzen du, eta beraz,
zein den erakutsi behar duen irudia. Herraminta honek interneta behar
du unean uneko geolokalizazio kontsultak eta fitxategien deskarga
aldi berean egiteko. Hala ere, honek denbora har lezake mugikorren
memoria mugatua dela medio. Hau saihesteko, deskarga bigarren plano
batean burutzen da, aplikazioak funtzionatzen jarraitu bitartean.
Mendian internet estaldurarik gabe
geratzea ere izan daiteke aplikazio honen bestelako arazo bat. Baina
Ruizek horretan ere pentsatu du, eta fitxategiak aldez aurretik
deskargatzeko aukera ematen du, gero konexio gabe erabili ahal
izateko. Aplikazioa garatzen jarraitzeko asmoa du, eta gutxieneko
hobekuntza batzuk egin eta gero, merkaturatzeko asmoa erakutsi du
informatikari euskaldunak.
Amaiur Pagola Artze
No hay comentarios:
Publicar un comentario